29Urria2020

004.jpg
Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
IMG 4416

2021rako Ordenantza Fiskalak onartu ditu udalbatzak

Astearte arratsaldean izandako udalbatzaren osoko bilkuran, udal gobernuak aurkeztu eta udal gobernuak proposatutako 2021rako Ordenantza Fiskalak onartu ziren aldeko 7 bozkarekin (EH Bildu) eta 5 abstentziorekin (EAJ-PNV eta PSE).

Zerga eta tasa guztiak izoztuta (igoerarik gabe), hondakinen bilketaren tasa izan ezik

Udalak tasa, zerga eta udal zerbitzuengatik ordaindu beharreko kuota ia guztiak bere horretan igoerarik gabe mantenduko ditu, igoera izango duen tasa bakarra hondakinen bilketa eta tratamenduarengatik ordaintzen dena izango da. Tasa hau %5ean igoko da.

Udal gobernuak igoera hau justifikatuta dagoela baloratu du; hondakinak bildu eta kudeatzen dituen Tolosaldeko Mankomunitateari udalak ordaindu beharrekoa asko handitu delako (aurreikusitakoa baino gutxienez 50.000 euro gehiago ordaindu beharko ditu udalak 2020an), gaikako bilketaren portzentaiak jaitsi izanagatik (urtarriletik uztailera %6ko jeitsiera izan du) udalak hondakinen kudeaketarako diru gehiago ordaindu behar izan duelako, urte luzez izoztuta egon den tasa bat delako eta alboko udalerrietan hondakinen bilketagatik herritarrek ordaintzen dutenarekin konparatuz, Amasa-Villabonan ordaintzen dena oso kopuru baxua delako. Adibidez, Amasa-Villabonako herritarrek tasa honi dagokionez urtean 89,36 euro ordaintzen dituzten bitartean, Tolosan 129,80 euro, Asteasun 132,96 euro, Ibarran 137,36 euro edota Zizurkilen 145,40 euro ordaintzen dira.

%5eko igoera honek, herritarrek tasa honegatik ordaindu beharreko kopurua 1,12 eurotan igoko du hiruhileko (22,34tik 23,46ra) eta beraz, 2021. urtean herritarrek 2020an baino 4,48 euro gehiago ordaindu beharko dute (89,36tik, 93,84ra)

Udal gobernuak aitortu du neurri hau momentu honetan hartzea ez dela erraza eta popularra, baina gobernuak udaleko kontuen orekarekin beti arduraz jokatu behar dela argudiatu du eta hondakinen bilketarekin diru-sarreren eta ordaindu beharrekoaren arteko desoreka handiegia bilakatzen ari zela azaldu du. Era berean, gobernu taldeak zerbitzu honek defizitarioa izan behar duela aitortuta ere, udaleko ekonomian eta aurrekontuetan pisu handiegia hartzen ari zela baloratu du "jendearentzat esfortzu txiki bat izango da eta udal ekonomiarentzat oxigenoa ekarriko du, udalak bere zerbitzu guztiak ematen jarraitu ahal izan dezan".  

EAJ-PNV eta PSE alderdietako ordezkariek Ordenantza Fiskal hauek ez babestea eta abstentziora jotzea erabaki zuten, hondakinen bilketako tasa igotzea ez dela egokia argudiatuta.

Hobari guztiak mantendu dira

2020an udal gobernuak martxan jarritako eta aurretik jasota zeuden hobari guztiak mantendu dira eta dokumentu honetan kontsultatu daitezke: ZERGA ETA TASEN HOBARIEN ZERRENDA

hilerriko sarrera

Protokolo berezia Santu Guztien egunerako

Igandean, azaroaren 1ean, Amasako hilerrira herritar asko gerturatuko direnez, Amasa-Villabonako udalak protokolo berezi bat garatu du bisitarien segurtasuna bermatzeko eta osasun egoerak eskatzen dituen neurriak zorrotz betetzeko.

Herriko Udaltzaingoa eta bolondres talde bat ere hilerri atarian egongo dira argibideak eman eta jende pilaketak saihesteko.

AUTOBUS ZERBITZUA

  • 09:30 – 14:00 ordu laurdenero Olaederra kiroldegitik aterata.
  • Autobusaren aforoa erdira murriztu da, 28 plazako autobusean 14 lagun joan daitezke.

HARTUKO DIREN NEURRI BEREZIAK

  • Kartel informatiboa: Hilerriaren sarreran jarri den kartel informatiboaren argibideak jarraitu.
  • Musukoa: Musukoaren erabilera derrigorrezkoa da.
  • Gel hidroalkoholikoa: Hilerrira sartu aurretik derrigorrezkoa da eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitzea. Horretarako, udalak atarian jarriko dituen poteak erabili.
  • Zehaztutako ibilbidea: Hilerrira sartzeko eta bertatik ateratzeko jarraibideak errespetatu. Gezien bidez zehaztuko da ibilbidea.

ZENBAIT GOMENDIO

  • Ahal den neurrian, eguerdiko orduak saihestu. Jende asko hurbiltzen da garai horretan hilerrira.
  • Hilerriko eremu barnealdean ahalik eta denbora gutxien egon.
  • Hilerritik ateratzean ez sortu jende pilaketarik kanpoaldean edo bide ertzetan.
Gislan prentsaurrekoa

Udalak etxebizitza politika berria garatuko du 2021etik aurrera

Julen Landa, Gislan Kooperatibako ordezkariak, gaur eguerdian prentsaurrean aurkeztu du Amasa-Villabonako metabolismo demografikoa eta etxebizitza beharren azterketa. Kooperatiba honek garatutako txostenari esker etxebizitza politika desberdinak diseinatzeko informazio baliagarria eskaini dio Amasa-Villabonako udalari.

Etxebizitza politika eraginkor bat diseinatu eta martxan jartzeko aukera

Gislan Kooperatibak garatutako lanari esker, Amasa-Villabonako udalak adierazle sozio-demografikoen eta etxebizitza parkearen datu base zabal bat du esku artean. Txosten horrek, gainera, etorkizunera begira proiekzio edo aurreikuspenak ere jaso ditu, adibidez, etorkizunean gure udalerrian zein etxebizitza behar egongo den. Ondorioz, udalak oinarri gisa erabiliko duen ezinbesteko tresna izango den egoeraren analisi eta diagnostiko zehatz bat du orain.
Azterlan honekin urrats garrantzitsu bat eman du Amasa-Villabonako udalak, horrela, etxebizitzaren problematikari heldu, eta etxebizitza politika eraginkor bat diseinatu eta martxan jarriko baitu.

Hainbat erronka identifikatu dira

• Gazteak Amasa-Villabonan errotzea. Bizi dugun biztanleriaren zahartze prozesuak, gazteak herrian mantentzearen eta beren emantzipazioa herrian bertan egitearen garrantzia biderkatu du. Bizi dugun egoeran, ezin dugu onartu herriko gazteak beste herri batera joatea, gurean etxebizitza lortzeko dituzten zailtasunengatik.

• Alokairuaren eskaintza zabaltzea, zentzuzko prezioetan. Alokairuen eskaintza apala eta ordaindu beharreko prezio altuegia arazo orokorra da Euskal Herri osoan, baina beste erakunde edo administrazio publikoek ez badute arautzen, udaletik egin beharko dugu ahalegina. Alokairu gehiago eta merkeagoak izatea ezinbestekoa da.

• Etxebizitza hutsen merkaturatzea. Amasa-Villabonako etxebizitzen %10a hutsik dago eta udaletik etxebizitza horiek erabilgarri egon daitezen eta jendez bete daitezen eragin behar da. Orain arte hartutako neurriek etxebizitza hutsei zerga errekargua ezartzearena kasu, ez dute Udalak nahi lituzkeen emaitzak eman.

• Bizikidetza unitateen gehikuntzari erantzutea. Amasa-Villabonako bizikidetza unitateen kopuruak gora egingo du datozen urteetan eta bizikidetza unitate horiek gero eta txikiagoak edo pertsona gutxiagok osatutakoak izango dira. Egoera horri erantzuteko, neurri batean etxebizitza eskaintza zabaldu edota moldatu beharko da.

Udalak etxebizitza politika aktibo bat garatzeko konpromisoa

Erronka hauei erantzuteko Amasa-Villabonako udalak 2021. urtean etxebizitza politika aktibo bat garatzen hasteko konpromisoa hartzen du. Helburu eta neurri zehatzak jasoko dituen plangintza bat osatuko du, kronograma eta ekintza plan batekin.

Udal gobernu honentzat etxebizitzaren gaian dituen erronkei heltzea oso garrantzitsua da eta lan-ildo estrategiko gisa definitzen du. Etxebizitza politika aurrerakoi, eraldatzaile eta eraginkorra osatu eta garatu nahi du, gauzak aldatu daitezen eta etxebizitza duina izatea benetako eskubidea izan dadin.

Gislan Kooperatibari Udalaren esker ona

Amasa-Villabonako udalak eskerrak eman nahi dizkio Gislan Kooperatibari, azken hilabeteetan egindako lan guztiagatik eta eskainitako informazio baliagarri guztiagatik.

 

Amasa-Villabonako metabolismo demografikoaren eta etxebizitza parkearen azterketa

Azpikategoria

Zu hemen zaude: Albiste nabarmenak
logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.