Berriak
Atzealdea 2026ko Santio Jaiak aurkeztu ditu Jai Batzordeak
2026·07·14

Ate joka ditugu Villabonako Santio Jaiak. Urtero bezala, uztailaren 24tik 31ra, herriko kaleak musikaz, kulturaz, algaraz eta elkartasunez josiko dira, eta familiarekin, lagunekin, eta bisitariekin une ahaztezinak partekatzeko aukera paregabea eskainiko dute.
Aurtengo txupinazoak esanahi berezia izango du, izan ere, Seaska Haur Eskolak eta Besamotza Konpartsak jaurtiko dute elkarrekin suziria. Horrela, herriak aitortza egin nahi die bi eragileei: alde batetik, Seaska Haur Eskolari, herriko haur txikienen zaintza eta heziketan egindako 50 urteko lanagatik; eta bestetik, Besamotza Konpartsari, azken hamarkadan Villabonako kaleak erraldoi, ipotx eta buruhandiekin alaitzeagatik. Aurkezpen ekitaldian, Joxean Cuberok aurtengo Santio Jaietako xehetasun nagusiak azaldu ditu, eta egitarauaren helburua azpimarratu du: herritar guztientzako jai herrikoi, parte-hartzaile eta askotarikoak eskaintzea.
Jaietako egitaraua herritar guztientzat prestatu da, adin eta gustu ezberdinetako pertsonek parte hartu eta gozatzeko moduko ekintzekin. Beatriz Unzue alkateak eskerrak eman dizkie jaiak antolatzen lanean aritu diren norbanako, elkarte, talde, boluntario eta udal langile guztiei; guztien konpromisoari eta lanari esker osatu da egitarau erakargarri hau.
Santio Jaietan, ospakizunaz gain, elkarbizitza eta errespetua izango dira ardatz nagusiak. Jaiak guztiontzako espazio seguru, aske eta inklusiboak izatea aldarrikatzen du Udalak, berdintasunean eta elkarren zaintzan oinarrituta. Horren harira, gogorarazi du: “Ez beti da ez”.
Era berean, aurten jaiak ospatu ezin dituzten herritarrak ere gogoan izango dira, eta haien alde topa egingo da, Santioen izaera komunitarioa eta elkartasuna indartuz.
Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu antolatutako ekintzetan parte hartzera, herriko ohiturak eta kultura ospatzera eta Santio Jaietako giroaz gozatzera.
Gora Villabonako Santio Jaiak!
