Berriak
Atzealdea Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalek bi herriak lotzen dituen oinezkoen zubia berrituko dute
2026·07·01

Amasa-Villabona eta Zizurkilgo Udalek urrats garrantzitsua eman dute Oria ibaiaren gaineko oinezkoen pasabidea berritzeko, eta lankidetza hitzarmena onartu dute, zubia berritzeko obrak gauzatzeko.
Zizurkilgo Ugare auzoa eta Villabona lotzen dituen oinezkoen zubia ezinbesteko azpiegitura da herritarren eguneroko joan-etorrietarako. Ehunka pertsonek erabiltzen dute egunero, eta, horregatik, zubiaren segurtasuna eta egoera egokia bermatzea lehentasunezko helburua da bi Udalentzat.
Pasabidearen egurrezko zoladura eta taulen euste-sistema egoera kaxkarrean aurkitzen dira eta zubiaren zati batzuetan ez dago eskuekin eusteko baranda egokirik. Beraz, horren aurrean, zubia osorik egokituko da: zoladura berrituko da, euste-sistema ordezkatuko da, egituraren hainbat elementu berrikusiko dira eta barandak egokituko dira, erabiltzaile guztientzat irisgarria, seguruagoa eta erosoagoa izan dadin.
Pasabidearen titulartasuna bi udalek partekatzen dutenez, obra ere elkarren artean finantzatuko da. Lizitazioaren oinarrizko aurrekontua 181.238,52 eurokoa da (BEZa barne), eta udal bakoitzak aurrekontuaren %50a finantzatuko du. Esleipen eta kontratazio-prozesuari dagokionez, Zizurkilgo Udala izango da kontratazio-espedientea izapidetuko duena.
Hitzarmena onartu eta behin sinatuta, hurrengo urratsa obrak esleitzeko administrazio-prozedura abiatzea izango da. Bi udalek adierazi dute helburua zubia eraberritzeko lanak ahalik eta lasterren hastea dela, betiere administrazio-prozedurek ezarritako epeak errespetatuta.
Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek berretsi dute elkarlanean lanean jarraituko dutela herritarren segurtasuna eta mugikortasuna hobetzen dituzten proiektu estrategikoak bultzatzeko.
