Berriak
Atzealdea Amasamendiko parke eolikoaren proiektuari buruzko azken berriak
2026·05·28

Amasa-Villabonako Udal gobernu taldearen izenean, Beatriz Unzue alkateak eta Xabat Laborde alkateordeak agerraldia egin dute udaletxean, Amasamendin kokatuko litzatekeen proiektu eolikoaren inguruan dituen azken berriak herritarrei jakinarazteko.
Udal gobernuak 2025eko otsailean izan zuen Hernani I eta II izeneko proiektu eolikoaren berri. Hasieratik Udalak esku artean izan duen informazioa eta egiten duen irakurketa herritarrekin partekatu du gardentasun osoz, nahiz eta proiektuaren tramitazioa ez den Udalean garatzen Eusko Jaurlaritzan baizik.
Mundu mailako krisialdi ekologiko eta energetiko baten erdian gaudela jabetuta, Udalak argi du gure herriak ere, bere txikitasunetik, energia trantsizioan urrats sendoak eman behar dituela. Horretarako, erregai eta energia iturri fosilekiko duen menpekotasuna murriztu, eta sektorearen kontrol demokratikoa indartu behar da, energia burujabetza lortzeko bidean. Ez dago zalantzarik norabide horretan energia iturri berriztagarriak funtsezkoak direla.
Hala ere, trantsizio horrek ezin du edozein preziotan izan, eta ingurumenaren eta ekosistemen babesa bermatu beharreko ezinbesteko baldintza da.
Udalaren eta enpresa sustatzailearen arteko negoziazioak eta lortutako baldintzak
2025eko maiatzean, Premier Group enpresarekin elkarrizketak hasi zituenetik, Udal gobernutik baldintza zorrotzak ezarri dira herriaren interesak defendatzeko. Enpresak aurkeztutako hasierako proiektuan aerosorgailuak baserrietatik gertuegi (300 metrora) kokatzen zirela ikusi zen eta Udaletik egindako presioari esker, enpresak kokapenak aldatzea eta baserrietatik gutxienez 500 metroko distantziara urruntzea lortu zen, proiektua herri-lurretara (Amasamendira) eramanez.
Horrez gain, Udal gobernuak honako abantaila hauek negoziatu ditu enpresarekin:
- Energia horniketa merkeagoa lortzea gure herritarrentzat, herrian kokatutako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuentzat eta tokiko industria enpresentzat.
- Parke eolikoaren jabetzaren % 20a Udalarena (publikoa) izatea.
- Udal jabetzako lur publikoen lagapena onartzeko, Amasa-Villabonako herritarren gehiengoaren babesa izatea.
Ingurumen inpaktuak sortutako kezkak, eta harremanen etetea
Hilabete honetan, aurrez Udaletik eskatutako Gipuzkoako Foru Aldundiaren lehen ingurumen-txosten bat jaso zen. Txosten tekniko horren arabera, proiektu eoliko honek hegazti espezie babestuengan (arrano beltza, sai zuria, miru gorria...) izan dezakeen eragina oso nabarmena da.
Honek hasierako egoera aldatzea ekarri du, izan ere, Udalak argi du natura-ingurunearen eta bertako ekosistemen kontserbazioa lehentasunezkoa dela, eta zentzu horretan, babestutako espezieak nabarmenki kaltetzea igaro ezinezko marra gorri bat da.
Ondorioz, Udal gobernuak enpresarekiko harremanak behin-behinean etetea erabaki du, ingurumen aldetik egingarria dela frogatu artean behintzat. Gaur gaurkoz, datuak esku artean izanda eta aurrekariak ezagututa, Udalak zalantzan jartzen du proiektu honek aldeko ingurumen inpaktuaren deklarazioa lortu dezakeenik.
Hurrengo urratsak: Alegazioak eta herri galdeketa
Udalak ez du bere horretan onartuko ingurumen-inpaktu onargarririk ez duen proiekturik. Hori dela eta, Udalak enpresak aurkeztu behar dituen behin-betiko proiektua eta ingurumen inpaktuaren azterketa sakonki aztertuko ditu, eta horrela baloratuko balitz, ingurumen eta hirigintza arloko alegazioak aurkeztuko dizkio proiektuari.
Garrantzitsua da gogoraraztea parke eolikoa egiteko edo ez egiteko baimena ematea Eusko Jaurlaritzaren esku dagoela. Hala ere, Jaurlaritzak Ingurumen Inpaktuaren Deklarazio positiboa emango balu, Udalak berresten du proiektua herri-lurretan kokatzeak ematen dion indarra erabiliko duela: Kasu horretan Udalak herri galdeketa bat antolatuko luke lur horiek utzi edo ez, herritarrek modu zuzenean erabaki dezaten. Betiere, enpresak ez badu aldebakartasunez eta orain arte hitz egindakoaren aurka jokatzen, eta lurrak espropiatzeko bidetik jotzen. Dena den, enpresak beti adierazi du Udalarekin adostasunean garatu nahi duela proiektua, eta Udalaren baldintza herri galdeketa bidez erabakitzea izan da hasieratik.
Udalaren konpromisoa argia da: herriaren borondatea eta ingurumenaren babesa lehentasunezkoak dira, nahiz eta argi izan energia iturri berriztagarrien hedatzea beharrezkoa izango dela ditugun energia kontsumo handiak asetzeko eta erregai fosilekiko menpekotasuna murrizteko.
