Berriak

Atzealdea Gipuzkoako Ur Kontsortzioak “Uraren balioa” aurkeztu du, uraren fakturaren atzean zer dagoen azaltzeko kanpaina

Ekimenak argi eta garbi erakutsi nahi du zer zerbitzu, azpiegitura, inbertsio eta profesionalek ahalbidetzen duten uraren kudeaketa, eta ordaintzen dena zergatik ordaintzen den ulertzen lagundu nahi du

2026·09·09


Gipuzkoako Ur Kontsortzioak “Uraren balioa” kanpaina aurkeztu du, herritarrei uraren kudeaketaren atzean dagoen errealitatea hurbiltzeko eta fakturaren atzean zer dagoen eta ordaintzen dena zergatik ordaintzen den modu argi eta ulergarrian azaltzeko.

Gipuzkoako Ur Kontsortzioko lehendakari eta Beasaingo alkate Leire Artola Ugaldek; Kontsortzioko lehendakariorde eta Soraluzeko alkate Unai Larreategik; Gipuzkoako Urakeko gerente Iñigo Elosegi Vallejok; Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak; Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak; Maite Amenabar Zizurkilgo alkateak; eta Kristina Rodriguez Adunako alkateak aurkeztu dute ekimena. Egunero erabiltzen dugun baina, askotan, duen dimentsioa eta konplexutasuna oharkabean pasatzen zaizkigun funtsezko zerbitzu publiko bati balioa ematea du helburu kanpainak.

Txorrota irekitzea eguneroko keinua da. Hala ere, ura etxeetara iristeko, beharrezkoa da ura hartzea, tratatzea, biltegiratzea eta banatzea, eta, erabili ondoren, biltzea, araztea eta ingurune naturalera baldintza egokietan itzultzea. Prozesu horren guztiaren atzean azpiegitura, teknologia, inbertsio iraunkor eta 260 profesional baino gehiagoren eguneroko lana daude.

 

Zergatik ordaintzen dugun ordaintzen duguna

“Uraren balioa” kanpainaren helburu nagusietako bat da herritarrei azaltzea uraren prezioa ezin dela ulertu toki desberdinetan metro kubikoak duen prezioa soilik alderatuta. Lurralde bakoitzaren ezaugarriek zerbitzua emateko behar diren azpiegiturak baldintzatzen dituzte, eta, beraz, baita kostuak ere.

Gipuzkoak errealitate bereziki konplexua du, udalerri txiki, bailara eta herrigune ugari baitaude sakabanatuta. Gipuzkoako Urak-ek lurraldearen % 88,76 udalerri eta 345.000 biztanle ingururi ematen die zerbitzua, eta horretarako 7 urtegi, edateko ura tratatzeko 14 estazio, 259 biltegi eta 10 araztegi kudeatzen eta mantentzen ditu.

“Uraren prezioa hainbat lekuren artean alderatzen dugunean, atzean dagoen zerbitzua ere alderatu behar dugu. Azpiegiturak eta beharrak ez dira berdinak lurralde guztietan eta, beraz, uraren ziklo osoa bermatzeko behar diren kostuak ere ez. Herritarrek informazio hori izatea eta ordaintzen duena zergatik ordaintzen duen ulertu ahal izatea nahi dugu ”, azaldu du Iñigo Elosegik.

Testuinguru horretan, Gipuzkoako Ur Kontsortzioak-en metro kubiko baten batez besteko prezioa 2,10 euro ingurukoa da, Espainian 2,23 eurokoa eta Europan 3,90 euro ingurukoa da bataz beste, Kontsortzioak jasotako datuen arabera.

Zerbitzua ikusarazteko kanpaina

“Uraren balioa” kanpainak errealitate hori guztia herritarrei modu erraz, argi eta bisualean azaltzea du helburu. Horretarako, kanpainak landing orrialde propioa izango du, eta bertan uraren zikloari, beharrezko azpiegiturei eta zerbitzuaren kostuan eragiten duten elementuei buruzko informazioa bilduko da. Horrez gain, uraren prezioa testuinguruan kokatzen eta zergatik ordaintzen dugun ordaintzen duguna hobeto ulertzen lagunduko duten edukiak ere eskainiko dira.

Kanpainaren barruan, “Uraren bidaia” ikus-entzunezko pieza ere prestatu da. Bideoak urak egiten duen ibilbidea erakusten du, bilketatik hasi eta, erabili ondoren, araztu eta naturara baldintza egokietan itzultzen den arte. Ibilbide horretan, zerbitzua posible egiten duten instalazioak, prozesuak eta profesionalen lana ere ikusarazten dira. Horrez gain, sare sozialetarako infografiak eta dibulgazio-edukiak ere prestatu dira, kanpainaren mezu nagusiak modu erraz eta bisualean zabaltzeko.