Berriak

Atzealdea Kontsumo bonoen VIII. edizioa jarriko du martxan Udalak

Irailaren 19tik abenduaren 30era erabili daitezke bonoak aurrez izena eman duten herriko 41 saltokietan.

2026·09·14


Amasa-Villabonako Udalak herriko merkataritzari bultzada bat emateko ahalegin berezia egingo du aurten ere, eta Oria Merkatari Elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonoen VIII. kanpaina jarriko du martxan. Aurtengoa larunbatean hasiko da, irailaren 19an, eta abenduaren 30ra arte luzatuko da.

Kanpaina honen bidez, Udalak herriko saltokietan kontsumitzera bultzatu nahi ditu herritarrak. Izan ere, tokiko komertzioa da gure herriaren oinarri nagusietako bat. Herriko merkatariak dira gure izenez ezagutzen gaituztenak, kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutenak, eta gure herriaren aberastasunari eta aniztasunari ekarpen handia egiten diotenak. Beraz, kanpaina berri honetarako Udalak 57.000 euroko inbertsioa egin du. 

Kanpaina honetan 41 saltokik eman dute izena, eta herritarrek denda horiek erraz identifikatu ditzaten, "Bonoak hemen salgai" adierazten duen kartela jarriko dute erakusleihoetan. 

Bonoek 5 euroko balioa izango dute, eta 15 eurotik gorako gastua eginez gero, bonoaren deskontua aplikatuko zaio erosketari. Hau da, gutxienez 15 euroko erosketa eginez gero, 10 euro ordainduko ditu erosleak. Horrela, bonoen aplikazioarekin kontsumitzaileak %33ko deskontua eskuratuko du:

•    15 euroko erosketa: 5 euroko bono 1
•    30 euroko erosketa: 5 euroko 2 bono
•    45 euroko erosketa: 5 euroko 3 bono
•    60 euroko erosketa: 5 euroko 4 bono
•    75 euroko erosketa: 5 euroko 5 bono
•    90 euroko erosketa: 5 euroko 6 bono

Erosleek, gehienez ere, 6 bono erabili ahalko dituzte saltoki bakoitzean, alegia, 30 euroko deskontua izango dute denda bakoitzeko.
Bonoen deskontuaz baliatu ahal izateko baldintza bakarra erosleak 16 urtetik gorakoa izatea izango da eta ez da kontuan hartuko zein herritakoa den.

Deskontua erosketa egiteko unean bertan aplikatuko da, beraz, bonoak ezingo dira aurrez eskuratu. Ez da bono fisikorik egongo. Erosketa ordaintzeko unean dendariak dagokion bono kopuruaren deskontua aplikatuko dio bezeroari.

Informazio hau guztia herritar guztiengana iritsi dadin, kanpaina honen xehetasunak eta kanpainan parte hartuko duten saltokien zerrenda biltzen dituen esku-orri bat banatuko dugu herriko etxe guztietara.

Amaitzeko, Udalak erosketak herriko saltokietan egitera animatu nahi ditu herritarrak, horrela Amasa-Villabonaren etorkizunean eta herritarren ongizatean inbertituko dutelako. Gure denda eta saltokietan kontsumitzea ezinbestekoa da herri bizi-bizia izaten jarraitu nahi badugu. Erosi Villabonan!