Berriak
Atzealdea Udalak elkartasuna adierazi die greba mugagabean dauden Siemens Gamesako langileei
2026·10·29

Une honetan Siemens Gamesa enpresako Asteasuko lantegiko langileak greba mugagabean aurkitzen dira eta hainbat mobilizazio egin dituzte, azkena astearte honetan bertan, enpresak Zamudion dituen instalazioetan. Udalak langileen aldarrikapenak kontuan har ditzatela eta hitzarmen duin bat adostu dezatela eskatu die Siemens Gamesako arduradunei.
Udalbatzak onartutako Erakunde Adierazpena Asteasuko langileen ordezkariei eta Siemens Gamesa enpresak estatu mailan dituen arduradun nagusiei helaraziko die Udalak.
ERAKUNDE ADIERAZPENA
Greba mugagabean dauden Asteasuko Siemens Gamesa enpresako langileei elkartasuna adierazteko eta egiten dituzten eskaerekin bat egiteko.
2026. urte hasieratik indarrean dagoen lan hitzarmenik gabe daude Siemens Gamesa enpresaren Asteasuko lantokiko langileak.
Urte hasieratik negoziatzen aritu arren, enpresak ez ditu langileen eskari minimoak asebete: KPIaren araberako soldata igoerak bermatzea, eduki aldetik hitzarmen orekatua izatea eta hitzarmenaren iraupena gutxienez bi urterainokoa izatea.
Enpresaren azken proposamenak soldatak KPIaren arabera igotzea ez du bermatzen langile batzuentzat, kolektibo batzuk ez ditu kontutan izan eta hitzarmen berriaren iraupena urtebetera mugatu nahi du, hitzarmena 2026an bertan amaituz.
Horrela, 2027ko urtarriletik aurrera, enpresako arduradunek Siemens Energy-k Espainiako Estatu mailako duen akordio marko bat ezarri nahi du konpainia osorako, Euskal Herriko negoziazio esparru propioa desagerraraziz.
Horren aurrean, Asteasuko langileek bertan negoziatzeko eta erabakitzeko eskubidea defendatzen ari dira mobilizazioak eginez eta azkenik, greba mugagabeari ekinez.
Langileak egoera konplikatuan egonagatik (ez dezagun ahaztu bi urteko ERTE bat pairatu behar izan dutela), enpresaren jokabideak mobilizatzera behartu ditu.
Langileen aldarrikapen nagusiak ondokoak dira:
- Estatalizazioaren inposizioari ez.
- Asteasun lan egin, eta lan baldintzak bertan negoziatzeko eskubidea bermatzea.
- Hitzarmen duina Asteasuko langileentzat.
Horrela, Amasa-Villabonako Udalak honakoa adierazten du:
- Udalak elkartasuna eta babes osoa helarazten die lan-hitzarmen duin baten alde, mobilizazioak egiten eta greba mugagabean dauden Siemens Gamesa enpresako Asteasuko lantegiko langileei.
- Udalak bat egiten du enpresako langileen ordezkariek publikoki plazaratu dituzten eskaerekin.
- Udalak Asteasuko lantegiko langileen aldarrikapen justuak kontuan hartu ditzatela, langileekin benetan hitz egin eta negoziatu dezatela eta hitzarmen duin bat sinatzeko borondatea izan dezatela eskatzen die Siemens Gamesa enpresako arduradunei.
Erakunde Adierazpen hau Amasa-Villabonako Udalbatzaren osoko bilkuran onartu ondoren, Asteasuko lantegiko langileen ordezkariei eta Siemens Gamesa enpresako espainiar estatuko arduradunei ofizialki helaraziko die Udalak.
Amasa-Villabonan, 2026ko urriaren 21ean.
