
- 2023 Urria 01
Udalak Amasa-Villabonako 15 herritar helduenak omendu ditu
Urriaren 1ean Adinekoen Eguna ospatzen denez, Amasa-Villabonako Udalbatzak egun hau baliatu du herriko 15 helduenei omenaldi eta aitortza ekitaldi bat egiteko.
Gaur eguerdian, Udaletxeko osoko bilkura aretoan ospatu da ekitaldi hunkigarria, eta omenduek senide eta lagunak izan dituzte aldamenean. Ekitaldia esker oneko hitzez beteta egon da.
Omendutako herritarrak izan dira: Lidia Alonso, Mª Dolores Arrizabalaga, Jose Ignacio Yarza, Mª Angeles Beraza, Pedro Iribar, Mª Angeles Quintana, Teodoro Mugica, Miren Ibarguren, Justina Salas, Mª Cruz Aramendia, Maria Roteta, Mª Rosario Sarasola, Elisa Mendizabal, Ramona Altuna eta Carolina Gonzalez.
Herriaren eboluzioa lehen pertsonan bizi izan dute 15 herritar hauek, Amasa-Villabonaren aldaketa nagusien testigu izan dira, eta ondorioz, gure herriaren historiaren lekuko zuzenak: 1936ko altxamendu faxista eta gerra krudela, gerraosteko gosea eta miseriak, frankismoaren zapalketa ugariak, industrializazio garaiak, eta horren eraginez, herriak izandako hazkunde azkarra, 1980-1990ko krisi ekonomikoak eta langabezia, herri honetako gatazka politikoaren ondorioak, XXI. mendearekin etorritako teknologia berriak eta abar luze bat.
Dena den, gure herriko helduak ez dira historiaren testigu hutsak izan, ez dira geldirik gertatzen dena ikusten egon. Gure herria aberastu duten hainbat eta hainbat proiektu, ekimen eta ekintzetako protagonistak izan dira. Modu batera edo bestera, guztiek egin diote ezinbesteko ekarpena gure herriari, eta hori da Udalak goraipatu eta balorean jarri nahi izan duena omenaldi honen bitartez. Amasa-Villabonako Udala jakitun da pertsona hauen ahalegin eta dedikaziorik gabe gurea ez litzatekeela izango gaur egun ezagutzen dugun moduko herria.
Guzti horregatik, Amasa-Villabonako Udalbatzak, herriaren izenean ESKERRIK ASKO handi bat eman nahi izan die Batzar aretora etorritakoei, eta baita bertaratzerik izan ez duten horiei guztiei ere.

- 2023 Iraila 26
Hasi dira Larrea auzoko haur-parkea estaltzeko lanak
Larrea auzoko "Behe Nafarroa" haur-parkeak estalpe berria izango du laster, eguraldi txarra egiten duenean ere haurrek bertan jolasteko aukera izan dezaten. Aste honetan hasi dira parkea estaltzeko lanak eta lehen egun hauetan estalkia jartzeko oinarriak eraikitzen ari dira. Dagoeneko erretiratu dute parkearen albo batean zegoen gasoleo tanke zaharra (aurretik tanke hori erabilerarik gabe utzi eta inertizatu ondoren).
Obra osoak 8 asteko iraupena izango duela aurreikusten da eta beraz, ezustekorik ezean abenduan amaituko dira lanak. Ordurarte, parkea hesiz inguratuta eta itxita egongo da.
Oztopoak oztopo, aurreikusi gabeko traba ugari gainditu ondoren, eta esleipen prozesua amaituta, pasa den irailaren 22an sinatu zen obra-kontratua 4 Badia Mantentze Serbitzuak S.L. enpresarekin. Proiektu hau errealitate bilakatu dadin, guztira 226.428,85 euro inbertitu behar izan ditu Udalak.
Amasa Villabonako udal gobernuak barkamena eskatu nahi du proiektu honen gauzatzeak pilatu duen atzerapen handiagatik. Itxaronaldia luzeegia izan dela aitortzearekin batera, Udalak herritarrek erakutsitako ulerkortasuna eta pazientzia eskertu nahi ditu. Oztopoak eta ezustekoak Udalaren konpromisoari eta pertseberantziari esker gainditu dira, eta berandu bada ere, datorren neguan herriak horrenbeste behar duen haur-parke estalia edukitzea lortuko da azkenean.

- 2023 Iraila 13
Ostiralean abiatuko da Amasa-Villabonako kontsumo bonoen kanpaina berria
Gaur eguerdian, Erroboteko plazan, Amasa-Villabonako kontsumo bonoen kanpaina berriaren aurkezpena egin dute Beatriz Unzue alkateak, Arantza Lopez zinegotziak eta Oria Merkatarien elkarteko hainbat kidek.
Amasa-Villabonako Udalak herriko merkataritzaren aldeko apustua egiten jarraitzen du. Horregatik, Oria Merkatari elkartearekin lankidetzan, kontsumo bonoen kanpaina berri bat jarriko du martxan ostiral honetan bertan, hilaren 15ean. Honakoa, udaletik antolatzen den kontsumo bonoen V. kanpaina da eta abenduaren 9ra arte luzatuko da.
Kanpaina berri honekin, herritarrek euren erosketak herriko merkataritzan egitea sustatzen jarraitu nahi du Udalak, sektorea biziberritzeko helburu argiarekin. Izan ere, tokiko saltoki horiek dira gure herriaren oinarri nagusietako bat. Herriko merkatariak dira gure izenez ezagutzen gaituztenak, kalitatezko produktuak eskaintzen dizkigutenak, eta gure herriaren aberastasunari eta aniztasunari ekarpen handia egiten diotenak.
Kanpaina berri honetarako Udalak 62.000 euroko inbertsioa egin du, eta guztira, 10 euroko 17.010 bono jarriko ditu salgai, aurrez izena eman duten 45 saltokietan erabiltzeko.
Kanpaina honetan ere, bonoak saltokietan bertan erosi beharko dira. Establezimendu bakoitzak bere bono propioak izango ditu, eta dendaren izenarekin egongo dira identifikatuta. Beraz, erositako establezimendu horretan bakarrik erabili daitezke.
Bonoak hirunaka erosi behar dira, eta gehienez ere, 9 eskuratu daitezke denda bakoitzean. Erosle bakoitzak 3, 6 edo 9 bono erosi ditzake establezimenduko. Horrela, bonoak erosten dituenak 20 euro jarrita, 3 bono lortuko ditu (30 euro). 40 eurorekin 6 bono jasoko ditu (60 euro). Eta, aldiz, 60 eurorekin, 9 bono (90 euro). Amasa-Villabonako Udalak erosketa bono bakoitza %33an diruz lagunduko du.
Bonoak eskuratzeko baldintza bakarra 16 urte beteta edukitzea da, eta oraingoan ez da kontuan hartuko bezeroa zein herritakoa den.
Informazio hau guztia herritar guztiengana iritsi dadin, kanpaina honen xehetasunak azaltzen dituen eskuorria argitaratu du Udalak, eta datozen egunotan herriko etxe guztietara banatuko da.
Amaitzeko, aipagarria da, bono hauek erosi eta erabiltzean, Amasa-Villabonaren etorkizunean eta herritarren ongizatean inbertitzen ari garela. Herri bizi-bizia nahi dugu, eta horregatik Udalak herritar guztiak animatu nahi ditu kanpaina berri honetan parte hartzera, eta batez ere, kanpaina amaitu ondoren ere, herrian bertan kontsumitzen jarraitzera.
Udalaren izenean, eskerrik asko aurkezpenera gerturatutako Oria Merkatarien elkarteko kideei eta bertan izan diren guztiei.