Herriko industriako emakume langileak omendu ditu Udalak
- Post 2023 Martxoa 08

Gaurko Emakumeen Nazioarteko Eguna baliatuz, Amasa-Villabonako Udalak herriko industrian jardun duten emakume langileak omendu ditu, La Salvadora jubilatu etxean egin den ekitaldi berezian. Beatriz Unzue alkateak, eta Arantza Lopez Berdintasun saileko zinegotziak, Udalaren izenean, emakume hauen lana ikusarazi, goraipatu eta Amasa-Villabonari egin dioten ekarpena aitortu dute.
Lurgatz talde feministak ere parte hartu nahi izan du ekitaldian eta emakume langileen aldeko hitzak izan ditu bozeramaile gisa jardun duen Pauli Olano Lurgatz-eko kideak.
Ekitaldiari amaiera borobila emateko, Villabonako La Salvadora papergintza enpresako emakume langileen argazki-mural bat estalgabetu da eraikinaren fatxadan. Argazkia leku horretan geratuko da aurrerantzean ere bertan lan egin zuten emakumeak oroitzeko.
Hona hemen Beatriz Unzue alkatearen hitzak gaurko ekitaldian:
Kaixo, eguerdion denoi eta eskerrik asko gerturatu zareten guztioi,
Gaur, martxoaren 8an, emakumeon egunean, Udaletik ekitaldi berezi hau antolatzea erabaki dugu, gure herriari ekarpen handia egin dioten industria sektorean lan egin zuten eta lan egiten duten emakume guztiei, eskerrak emateko eta merezitako omenaldia eskaintzeko.
Dakizuen bezala, XIX. mendean, industrializazioa heldu zen Amasa-Villabonara eta lehenik ehungintza eta ondoren XX. mendean zehar papergintza sektoreko lantegi handiak sortu ziren hemen eta Tolosaldea guztian. Bestek beste, orain auzo eder hau dagoen leku honetan bertan sortu ziren Subijana y CIA eta La Salvadora enpresa enblematikoak. Jende asko etorri zen lantegi edo fabrika hauetan lan egitera, beren bizitzak aurrera ateratzeko.
Villabona herri industriala bilakatu zen eta sektore honen hazkundeak, lana eta oparotasuna ekarri zituen gurera. Milaka izan ziren hemengo industrietan lan egin zuten langileak, gizonak eta EMAKUMEAK, belaunaldiz belaunaldi, beren lan indarrarekin, aberastasuna sortzen.
Baina gizarte patriarkal eta matxista hartan, industria enpresetan emakumeek egiten zuten lana gutxietsia eta inbisibilizatua izan zen. Lantegietako "obrero" figura beti genero maskulinoarekin lotu izan da: "Los obreros" esaten zen, emakumeak bazterrean utziz. Badakizue, emakumeek etxean egon behar zuten, etxeko lanak egiten, sukaldean eta haurrak eta adinekoak zaintzen. Hori izan da historikoki emakumeei ezarri zaien rola eta zeregina.
Baina hemen, oso ondo dakigu emakumeak ezinbestekoak izan zirela gure industria aurrera ateratzeko. Asko izan dira gazte gaztetatik (askotan 14 urterekin) fabrikara lanera joan zirenak, beren izerdiarekin lortutako soldatarekin, bizitzan aurrera egin ahal izateko. Eta esan behar da hor ere soldata arrakala handia zegoela, emakumeek beti gizonezkoek baino gutxiago irabazten zuten. Lan baldintzak ere ez ziren onak, ordu asko, atseden gutxi eta soldata txikiak ziren emakumeen eguneroko ogia. Gainera, lan bikoitza hartu behar izaten zuten bizkar gainean: fabrikako lana, eta ondoren etxeko lanak eta zaintza lanak. Zama astuna, dudarik gabe.
Garai zail haietan, lan baldintzak hobetzeko eta aberastasuna banatzeko langileen borroka eta grebetan, emakumeak hor egon ziren, ia beti gizonen itzalpean, askotan ikustezin bihurturik, baina aurpegia ematen, barrikaden lehen lerroan, gizarte hobe baten alde borrokatzen.
Guzti horregatik, modu xumean bada ere, gaurko ekitaldiarekin justizia ariketa bat egin nahi izan dugu. Amasa-Villabonako herriak aitortza eta eskertza zor die, belaunaldiz belaunaldi gure fabriketan lan egin zuten emakume horiei guztiei, eta horretarako bildu gara gaur hemen.
Emakume langile guzti horien lanak ekarri gaitu honaino eta orain guri dagokigu borroka horri jarraipena ematea, benetako berdintasuna lortu arte.
Alkate naizen aldetik, Amasa-Villabonako herriaren izenean ESKERRIK ASKO BIHOTZ BIHOTZEZ! HOBERENAK ZARETE!
Gora emakume langileak!