Hirigunean usoen populazioa gutxitzeko neurri bereziak hartuko ditu Udalak
- In Albisteak
- Post 2023 Martxoa 21

Usoen populazioa hazten ari da azken aldian Villabonako hirigunean. Kale Nagusia 62-68 eraikinak bota zirenetik begibistakoa da inguru horretan dagoen kopuru handia. Beraz, Udal Gobernu Taldea, hegazti hauen populazioa gutxitzeko helburuarekin, irtenbide bila hasi da.
Usoen gehiegizko populazioak ondorio kaltegarriak izan ditzake herrian: sortzen dituzten gorotzak korrosiboak direnez, eraikinen fatxadak, kaleetako lurzorua edota autoen txapak kaltetzen dituzte, besteak beste.
Udaleko Ingurumen Saila lanean ari da egoera hau kontrolatzeko, eta, hainbat neurri aplikatuko ditu usoak harrapatu eta gure kaleetatik ateratzeko. Horretarako, Desinfecciones Eibar espezialista kontratatu du hegazti hauen gainpopulazioa gutxitzeko. Esku-hartze honek 7.260 euroko aurrekontua izango du, eta usoen %80a murriztuko dela aurreikusten da.