19Apirila2024

005.jpg

Nabarmenak

Nabarmenak

 

bannerra GIDARENA

 

            BaliabideenGida-English     BaliabideenGida-Française

 

ALBISTEAK

Udalbatzak bat egin du azaroaren 4an Kontseiluak Bilbon egingo duen manifestazioarekin

kontseilua Azaroak4

Atzo arratsaldean izandako Ohiko Osoko Bilkuran EH Bildu eta EAJ-PNV Udal taldeek aurkeztutako Udal Legearen aurkako epaiaren inguruko mozioa onartu zuen Udalbatzak bi talde horien aldeko botoekin eta PSE alderdiaren kontrako botoarekin.

Horrenbestez, Amasa-Villabonako Udalbatzak euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde lanean jarraitzeko konpromiso irmoari eutsiko dio, eta herritarrei dei egiten die azaroaren 4an, Bilbon, euskararen eta herritar guztien hizkuntza-eskubideen alde egingo den manifestazioan parte hartzera.

Onartutako mozioa osorik:

MOZIOA: Udal Legearen aurkako epaiaren aurrean

Udalei euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka emandako azken epaiak kezka larriak eragin dizkigu.

Kezkagarria eta larria iruditzen zaigu sententzia euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuari oztopoa jartzea delako, helburu horren alde udaletatik bideratzen diren hizkuntza-politikak guztiz mugatzen baititu. Bide batez esan, herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza-politikak direla atzera bota diren horiek, ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori.

Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza-politikak indarrean jartzea eragozten du.

Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuen orain baliogabetutako Udal Legea. Era berean, azken Inkesta Soziolinguistikoak argi erakutsi du gizartearen gehiengo zabal batek babesten dituela euskararen normalizazioa helburu duten politikak. Beraz, epai hori euskararen biziberritzearen aurkakoa ez ezik adostasun sozial handi baten kontrakoa ere bada. Azken batean, herritarren eta udalen erabakimena jartzen ditu auzitan. Erabakimen horren defentsa adierazi nahi dugu.

Uste dugu epai hau oldarraldi judizial zabalago baten parte dela, hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean kokatzen dela. Euskalgintzako eragileek kezka horren berri eman zuten joan den maiatzaren 10ean, eta herritarrei dei egin zioten azaroaren 4an oldarraldi honen aurka, baina, batik bat, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera.

Honenbestez Amasa-Villabonako udalbatzarrak honakoa erabaki du:

1.Epai honen ondoren, Amasa-Villabonako Udalak ere deialdi are eta irmoagoa egiten du oldarraldiaren aurka, baina, batez ere, euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde lanean jarraitzeko.

2. Amasa-Villabonako udalbatzarrak Euskalgintzaren Kontseiluaren aldarrikapenarekin bat egiten du eta epaiaren aurka azaroaren 4an egingo den manifestazioan parte hartzera animatu nahi ditugu herritar guztiak.

Amasa-Villabonan, 2023ko urriaren 17an


Amasa-Villabonako EH Bildu eta EAJ-PNV Udal Taldeek sinatutako mozioa

logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.