19Apirila2024

003.jpg

Nabarmenak

Nabarmenak

 

bannerra GIDARENA

 

            BaliabideenGida-English     BaliabideenGida-Française

 

ALBISTEAK

Osasun Sailaren bide-orria nahikoa ez dela salatu du Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak

20240207 AlkateenMugimendua

Legealdi berriarekin batera martxan da berriro Tolosaldeko Alkateen Mugimendua. Beatriz Unzuek, Amasa-Villabonako alkateak, eta Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratua barnebiltzen dituen alkate guztiek osatzen dute mugimendu hau, Larraulgoak izan ezik. Beraz, 31 udalerritatik 30 dira Tolosaldeko Alkateen Mugimenduko kide.

Tolosaldeko osasun arretarekin kezkatuta eta herriaren eskaerei erantzun bat bilatzeko asmoz, Osasun Sailak Tolosalderako duen bide-orria nahikoa ez dela salatu du Tolosaldeko Alkateen Mungimenduak agerraldi publiko batean.

Hona hemen kaleratu duten oharra:

Osasun Sailak duen bide-orria ez da nahikoa Tolosaldeak behar duen osasun arretari erantzuteko

Osasun-eskualdeko 30 alkatek bat egin dugu gure herritarren osasun arretaren kezka mugarri duen mugimenduarekin.

Tolosaldeko osasun arretarekin kezkatuta eta herriaren eskaerei erantzun bat bilatzeko asmoz, eskualdeko zenbait alkatek, Tolosaldeko Alkateen Mugimendua sortu genuen aurreko legealdian, nahiz eta osasun arreta ez izan udalen zuzeneko eskumena. Lau urte ondoren kezka berberak ditugu, inork gutxik ukatzen baitu jada Tolosaldea urteetan jasaten ari den bigarren mailako arreta.

Agintaldi berriarekin batera, duela hilabete batzuk, Tolosaldeko Alkateen Mugimendua berriz ere martxan jarri zen. Aurreko agintaldian mugimendu honetan parte hartu ez zuten zenbait alkate ere gehitu dira mugimendura, eta, momentu honetan, Tolosaldeko Erakunde Sanitario Integratua osatzen dugun alkate guztiok, Larraulgoak izan ezik, bat egin dugu gure herritarren osasun arretaren kezka mugarri duen mugimenduarekin; guztira, 31 udalerritatik 30.

Alkate mugimendu honen helburu da osasun arreta publiko egoki bat izatea. Horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu ospitale publiko integral bat izatea, eskualdean lehen arreta indartsua eskainiko duena eta gure hizkuntzan artatuak izateko eskubidea bermatuko diguna. Hau guztia, nola ez, Asuncion klinikako langileen eskubideak eta etorkizuna albo batera utzi gabe.

Puntu hauek aztertzeko hainbat bilera egin ditugu Gotzone Sargardui Eusko Jaurlaritzako osasun sailburuarekin, TOPA Tolosaldea osasun publikoaren alde plataformarekin, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariekin, eta, Asuncion klinika kudeatzen duen Inviza enpresako Jesus Gomez Montoya gerentearekin.

Osasun sailburuarekin bilera

Abenduaren 11n Gotzone Sagardui Osasun Sailburuarekin elkartu ginen. Bileraren helburua ospitale berriaz, eskualdeko lehen arretaren egoeraz, etorkizuneko hizkuntz irizpideez eta Asuncion Klinikaz eta bertako langileen etorkizunaz hausnartzea eta eztabaidatzea zen.

Osasun Sailburuari ospitalerako aukeratutako kokapenak sortzen dizkigun kezkak adierazi genizkion, besteak beste, azaleraz espazio mugatua dela, trafiko handiko gunea dela eta ordu jakinetan kotxe ilara luzeak sortzen direla. Sailburuaren erantzuna tinkoa izan zen: “eskualdeko ospitalea, Iruñea hiribideko aparkalekuan, suhiltzaile etxearen aurrean eta Iurreamendi egoitzaren azpian, eraikitzeko erabakia irmoa da”.

Epeez galdetzean, 2024ko aurrekontuetan proiektua idazten hasteko partida aurreikusi dutela adierazi zigun eta 2029an bukatzea aurreikusten dutela.

Zerbitzuei dagokionez, berriz, plan funtzionalak jasotzen dituenetara mugatu zen, ekarpenak egiteko aukerak erabat itxiaz.

Asunción klinikaren publifikatzea

Asuncion Klinikari dagokionez, ez dugu inolako irtenbiderako berririk jaso. Eskualdeko enpresarik handiena da, 350 langile ditu, eta urteak daramatza zerbitzu publiko bat ematen. Argi dugu Asuncionen eta bertako langileen etorkizuna argitu arte eskualdeak osasun arretarekin duen arazoa ez dela erabat konponduko. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argi utzi du ez duela Asunción Klinika publifikatzeko inongo asmorik. Ospitale berria eraikitzeko erabakia irmoa dela jakinarazi digute eta eraiki bitartean, hau da, 2029ra bitarte, orain arte bezala, Asuncionekin hitzarmena sinatzen jarraituko dutela.

Denbora aurrera doa, eta eskualdeko osasun zerbitzua ez doa hobera. Osasun Sailak duen bide-orria ez da nahikoa Tolosaldeko osasun arretari bere osotasunean erantzuteko. Alkate mugimenduak, bere herritarren osasun arreta erdigunean jarriz, duen ardurari helduko dio eta lanean jarraituko du, herritar, langile, erakunde eta bestelako agenteekin elkarlanean. Alde guztien arteko adostasun zabala da osasun arreta egoki bat izateko bermerik onena.

logo-negatiboa
Erreboteko Plaza, s/n. 20.150 Gipuzkoa
Telf: 943 69 21 00 - Fax: 943 69 33 76
E-posta: E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko.