Historia eta ondarea

Historia eta ondarea

Historia

Amasako herrigunea Villabonakoa baino lehenagokoa da, eta baliteke haren aurretik beste bat Amasakoa baino gorago izatea. Amasako kolazio edo kontzejua 1385ean agertu zen lehen aldiz historian, Tolosarekin bat egiteko aitortutako gutunean, hain zuzen. Villabona 1398ko Gipuzkoako Batzar Orokorretan azaldu zen lehen aldiz herri gisa eta jakin badakigu zein izan zen haren sorburua: Amasako hainbat biztanle behera jaitsi ziren, hau da, Gaztela Frantziarekin -Segura, Tolosa eta Hernanitik pasatuz- lotzen zuen Galtzadan, merkataritzan, eskulangintzan, bidaiarientzako zerbitzuetan eta abarretan aritzeko. Bada beste arrazoi bat jende haiek gerora Villabona izango zen eremuan kokatzeko: alegia, Done Jakue bidean ari ziren erromesentzako atsedenleku bat sortzea. 1480an, Villabonak Amasako auzoa izateari utzi zion. Horren ondorioz, jurisdikzio zibil eta kriminaleko Alkate eta guzti lortu zuen, oraindik Amasak baino askoz ere biztanle gutxiago zituen arren. Egoera honek tirabira eta gatazka handiak sortu zituen bi kontzejuen artean. Hala, urte asko geroago, 1619/20an hain zuzen ere, hiribildu bakarra sortzea erabaki zuten.

Egungo Udaletxea 1851.urtekoa da. Aurrekoa nahita erre zuten 1812an, Independentzia Gerran frantziar tropek kuartel modura erabili zutelako.  

Etxe Ondo Etxe Ondo.

Villabonako herria Enparantza nagusia.

 

Ondarea

Subijana etxea birgaitu eta ahozko kultur adierazmoldeen esparruko zentro nagusi bihurtu da herrian. Etxea goitik behera berritua izan zen erabilera berrietara egokitzeko. Subijana etxea XIX. mendean Villabonan ezarri ziren ehungintza lantegi nagusiei loturik dago, «Subijana y Cía» estanpazio lantegiaren bulegoak eta nagusien etxebizitza izan baitzen ia ehun urtez. Etxea galtzera ez uzteko Villabonako Udalak egindako ahaleginari esker, herriko garapen industriala bizi izan zuen eraikina egun euskal kulturaren garapena lantzeko tresna bihurtu da. 

Halaber, herriko interesgune garrantzitsua da Zubimusu zubia, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen harrizko zubia, erdi-puntuko arkuez osatua. 

Villabona Aljibeak aipamen berezia merezi du. Xarma handiko txokoa, 2010ko uztailean inauguratu zen erakustoki modura. Antzina, Subijana lantokiko langileek ur depositu modura erabiltzen zuten aljibea. Garai bateko Villabonako Subijana lantokiaren lurretan, Oria ibaiaren ertzean, arkuz osatutako ur depositua eraiki zen 1960ko hamarkadan, lur-azpian. 100m2 inguru pasatxo neurtzen du luze-zabalean eta argamasarekin lotutako adreiluz egindako lau arku ilara ditu. Ilara bakoitzean, launa arku, ezker-eskuin. 

Kirolean, nabarmentzekoa da Errebote jokoa. Villabona eta Zubieta dira kirol-modalitate honek jarraitzaileak dituen Gipuzkoako herri bakarrak. Bisita ezazu webgune honetan aurkituko duzun Errebote esteka! 

Herriak kokapen pribilegiatua du. Inguruko herriekin oso ongi konektatua dago, baita Gipuzkoako hiriburuarekin (Donostiarekin) ere. Halaber, Amasa-Villabona mendiz eta bailarez inguratua dago; haiek are eta ederragoa egiten dute herria. Mendiek eta larreek bisitariei jarduera-sorta zabala eskaintzen diete, naturaz gozatu dezaten.  

Amasa-Villabonan ongi bizi gara, bizi-kalitate ona duen herria da; baina ez gara horrekin konformatzen. Beti dago zerbait hobetzeko, eta amasa-villabonatarren beharrak aldatzen doaz denborarekin. Horregatik, gure nahia da Udalean dagoenak herritarren behar eta nahi horiei erantzuna ematea, beti bere ongizatean lehenetsiz. Aldaketak egin eta hobetu, gure osasunaren, ekonomiaren eta ingurumenaren onerako. Etorkizunean Amasa-Villabonan bizitzen jarraitu nahi baitugu.  

Erreboteari buruz